Artea euskal museoetan
Apirilaren 15ean Artearen Nazioarteko Eguna ospatzen da Leonardo da Vinci polimata italiarraren jaiotza gogoratuz. Izan ere, Errenazimenduko arkitekto, pintore, eskultore, asmatzaile eta ingeniari aparta dugu. Hori guztia gutxi balitz, anatomian, botanikan, filosofian, musikan, poesian eta urbanismoan interesatu zen. Blog sarrera honetan artista handi honen figura gogoratuko dugu Euskadin bisita daitezkeen hainbat arte museotaz hitz eginda.
San Telmo Museoa (Donostia)
1902. urtean irekia, Euskadiko museorik zaharrena da. 1932tik Donostiko fraile domingotarren komentu zaharrean kokatuta dago, eta oraindik ere hainbat gune bisita daitezke, hala nola klaustroa eta eliza, Josep M. Serten 11 mihise dituena.
Bere bildumak arteari, etnografiari, argazkigintzari, kirolari, kulturari eta historiaurreari eta historiari eskainitako atala desberdinak ditu. Kasu honetan, artelanen bildumari erreparatuko diogu, pintura, eskultura, kartel edota estanpazko 6.800 piezez osatuta baitago, hala nola grabatuak, serigrafiak edo litografia artistikoak. Horietatik, euskal artearen bilduma handi bat azpimarratu nahiko genuke, XIX. mendearen amaieratik aurrerako artistez osatuta. Honi esker, Zamacois edo Echenagusia bezalako egileetatik Badiola edo Irazuren Euskal Eskultura Berrira arteko hainbat obra ezagutzeko aukera dugu. Hori, jakina, Lekuona, Oteiza edo Chillida bezalako euskal artista ezagunen lanak ahaztu gabe, horiek ere garrantzi handia baitute bilduman.
Horretaz aparte, San Telmo Museoak Second Canvas izeneko proiektua dauka. Horri esker, bereizmen handiko eta informazio osagarria duten obren aukeraketa bat kontsulta daiteke.
Bilboko Arte Ederren Museoa
Goazen orain Bizkaialdera, zehazki Bilboko hirira. Izan ere, bertan aurkituko dugu Bilboko Arte Ederren Museo paregabea.
10.000 lan baino gehiagoko bildumak antzinako Arte Eder Museoko eta Bilboko Arte Modernoko Museoko piezak biltzen ditu, 1914an eta 1924an ireki zituztenak, hurrenez hurren. Oro har, bere bilduma XIII. mendetik XX. mendera bitartekoa da, espainiar eskolako pinturako adibide nabarmenarekin eta euskal artisten presentzia handiarekin, hurrengo blog sarreran kontatzen dizuegun bezala.
Arabako Arte Ederren Museoa (Vitoria-Gasteiz)
Jauregia 1912 eta 1916 urteen artean eraiki zen Elvira Zulueta eta Ricardo Augustin senar-emazteek aginduta. Eraikina Javier de Luque eta Julián de Apraiz arkitektoen diseinua da, egoitza pribatu gisa pentsatua, Gasteizko zabalguneko gune garrantzitsuenetako batean egin zuten.
Oraindik ere luxuzko jauregi honetan Elvira Zuluetaren kapera pribatua, lau angeluko oinplanoa duen atari handi bat, jatorrizko kotxetegiak eta zerbitzu-etxolak eta abar kontserbatzen dira.
1941. urtean Arabako Foru Aldundiak Augustin-Zulueta egoitza erosi zuen, eta espazioa arte eta arkeologia museo gisa, artxibo eta probintziako liburutegi gisa, Fournier karta museo gisa eta numismatika bilduma handi bat aztertzeko eta erakusteko erabili zen. Hainbat museo-proiekturen eta ikerketa- zein eskuratze- prozesu pasa ondoren, 2001az geroztik, Arabako Arte Ederren Museoaren bildumak XVIII-XIX. mendeetako arte espainiarra du ardatz, eta, modu espezializatu batean, 1850-1950 aldiko euskal artea. Bildumaren artean, Ignacio Díaz Olano edota Fernando de Amárica artista arabarren lanak nabarmentzen dira.
Duela gutxi, museoak Martiodako (Araba) San Juan Ebanjelariaren elizako erlikia-multzo aparta gehitu du erakusketa iraunkorrean. Elvira Zuluetaren kaperan jarrita daude, bi maila osatzen: beheko aldean, beira-arasa bat, ehunez jantzitako 12 garezurrekin, apaindutako hezur batzuekin eta bi “erakusleiho” ezkerretara eta eskuinetara. Goiko mailan, sei erlikia eszenografiko eta erlikia-erretaula bat desberdindu daitezke. Antonia Hurtado de Mendoza eta Juan de Necolalderen ezkontzak komisionatutako multzoa da, eta Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak zaharberritu eta aztertu ditu.
Chillida Leku (Hernani)
Hernani inguruan Eduardo Chillida (1924-2007) eskultore eta grabatzaile euskaldunari eskainitako gune batez gozatzeko aukera dugu.
Artistak berak diseinatutako espazioa da, bere obretarako etxea bilatzen baitzuen, hau da, leku bat, etorkizuneko belaunaldiek bere artea ezagutu eta esperimentatu ahal izateko. Horretarako, Zabalaga baserriaren ingurune. 1543ko eraikinak eskultore donostiarra liluratu zuen, eta honek zaharberritzea erabaki zuen Joaquín Montero eskultorearekin batera. Egun, baso eta lorategien artean tamaina eta pisu handiko 40 eskulturaz goza dezakegu eta, material eta forma finagoak dutenak baserriaren barruan aurkitzen ditugu.
Ignacio Chillidak espazio hau diseinatzean bere aitak zuen proiektua eta helburua azaltzen dituen bideo hau gomendatzen dizuegu:
Bilbao Guggenheim Museoa
Itsasontzi itxurako arte garaikideko pinakoteka garrantzitsua Frank O. Gehry arkitekto kanadiarrak egin zuen. Honen kokalekua interesgarria da ere, antzinako kai batean baitago, eta 90eko hamarkadatik Bilboko hiriaren birmoldaketaren parte da eta.
1997an inauguratu zuten, eta, ordutik, Bizkaiko hiriburuaren nazioarteko ikur nagusiene artean dago. Gehryren titaniozko, harrizko eta kristalezko diseinuak inoiz ez bezalako formekin esperimentatzen du, museoak bere egitura osoan azalera lau bakar bat ere ez izateraino.
Bestalde, Jeff Koonsen “Puppy” eta “Tulipanak” lan ikonikoak ditu, Louise Bourgeoisen “Maman”, Jorge Oteizaren “Kaxa hutsa irekiera handiarekin”, Yves Kleinen “Antropometria urdin handia (ANT 105)”, Jenny Holzerren “Bilborako instalazioa”, Jean-Michel Basquiaten “Napoliko gizona”, Eduardo Chillidaren “XI. Besarkada”, Manolo Valdesen “Mariana erregina” edo Richard Serraren “Denboraren materia” ikusgarria.
Nazioarteko arte garaikideko museo honek sekretuz eta bitxikeriaz beteta dago, hurrengo bideoan aipatzen duten bezalaxe:
Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa (Vitoria-Gasteiz)
Artium Euskal Arte Garaikideko Museorako erabilitako tokia Vitoria-Gasteiz hiriko autobus geltoki zaharra zen. Diseinua Jose Luis Caton arkitektoak egin zuen eta enparantza trapezoidal baten inguruan eta azpian antolatuta dago. Horrela, upeltegi bat balitz bezala, museoaren espazio asko kalea azpian daude.
Bilduma 3.000 pieza inguruz osatuta dago, nazioarteko arte garaikidean zentratuta, eta pinakotekak berak uste du “eraikitzen ari den bilduma” bat duela, berrogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera arte egindako obrak gehitzen eta ikertzen jarraitzen du eta.
Gainerako museoetan bezala, Artium Museoaren katalogoa EMSIME webgunean kontsulta daiteke. Bilduman Vicente Ameztoy, Esther Ferrer, Salvador Dali, Equipo Cronica, Miquel Navarro, Eva Lootz, Txomin Badiola, Pablo Picasso edo Juncal Ballestin bezalako artisten lanak ditugu.
Bestalde, Artium Museoak kulturarekin eta egungo artearen hedapenarekin lotutako jardueren agenda bizia du: zinema, musika, hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, arte eszenikoak…
Durangoko Arte eta Historia Museoa
Antzinako Etxezarreta jauregi barrokoan kokatua, 1986an inauguratutako museoa da. Proeiktuaren hasierako bultzatzaileetako bat Leopoldo Zugalza izan zen, erakusketa iraunkorra osatzen duten obra eta dokumentu ugari dohaintzan eman zituena, Juan José Zirrausta Kultura zinegotziarekin eta Patxi Zurikarai alkatearekin batera.
Museotik azaltzen duten bezala, espazio honen helburuak Durangok historian zehar izan duen bilakaera kultural, ekonomiko eta soziala ilustratzea eta zabaltzea da; eta arte-adierazpenak erakustea, batez ere egungo egileenak.
Horrela, jauregiko hirugarren solairuan euskal arte garaikidearen bilduma dago, Jose Luis Zumeta, Agustin Ibarrola, Mari Puri Herrero edota Dario Urzay artista garrantzitsuen lanekin, adibidez. Gaur egun, Museoaren bilduma 900 obra baino gehiagok osatzen dute eta horietatik 295 zuen eskura daude katalogoan.
Horretaz aparte, maiatzaren 5era arte Maitane Azurmendi artista bizkaitarraren “Durangaldeko emakumeen erretratuak” erakusketa izango da ikusgai.