Heraclio Fournier kartak. Gasteizko hiriaren historia
150 urteko historiarekin, Heraclio Fournier S.A. karta-enpresa Vitoria-Gasteizko hiriaren sinboloen artean dago.
1870. urtean, Heraclio Fournier Gonzalezek Burgos utzi eta estanpazio litografiko eta tipografiko bat ireki zuen Plaza Berrian. Handik gutxira, 1882 urtean, bere etxebizitza, fabrika eta bulegoak San Prudentzio kalera eraman zituen, leku gehiagoren bila. Hurrengo bost urteetan, enpresan hainbat aurrerapen tekniko eta “Gaixoen sorospen elkartea” lortu ziren. Azken hau fabrikaren langile batek izandako lan-istripuaren ondorioz sortua. Azkenik, 1887. urtean, Heraclio Fournierren fabrika eta etxebizitza Hegoalde eta Fueros kaleen iskinera mugitu zuten.
1916. urtean, Heraclio Fournier hil egin zenean, enpresa Viuda e Hijos de Heraclio Fournier deitzera pasa zen. Bere biloba, Felix Alfaro Fournier, enpresaren buru bihurtu zen. Horrela deitu zen 1933. urtean Hijos de Heraclio Fournier izendatu arte. Bukatzeko, 1952 eta 1993 urteen bitartean, Heraclio Fournier S.A. deitu zen. Bestalde, enpresaren azken fabrika Vitoria-Gasteizko Adurtza auzoan egon zen. Gaur egun, ordea, Legutioko Goiain poligono industrialean kokatuta dago.
Nahiz eta hiriko industria garrantzitsuenen artean egon, orain dela bi urte arte ez dugu ikerketa handirik izan Heraclio Fournier enpresan lan egindako emakumeen inguruan. 2021. urtean Aritza Saenz del Castillok “Emakume Kartagileak. Memoria bizia” argitaratu zuen. Bertan, karta-enpresan lan egindako emakumeei buruzko hainbat datu eskaintzen dira. Adibidez, Saenz del Castilloren ikerketari esker 40. hamarkadan langileen % 75-90 emakumeak zirela badakigu.
Izan ere, emakume kartagileak lehenengo estanpazio litografiko eta tipografikoko tailerrean aurki ditzakegu. Plaza Berrian, inpresioaren aurreko eta ondorengo lanak egiten zituzten, hala nola, kartoien, pleguen, kolaketan, bernizaduren, leuntzeen, mozketen, garbiketen edota paketeen prestaketak. Haien garrantzia dela-eta, iaz Vitoria-Gasteizko plaza bat emakume kartagileen ohorean izendatu egin zen.
Beste alde batetik, Vitoria-Gasteiz hirian Arabako Fournier Museo interesgarria daukagu. Bendaña jauregi errenazentistan kokatua, Arabako Arkeologia Museoaren ondoan dago. Nahiko berezia da, izan ere, karta-ekoizpenaren eta bildumazaletasunaren arloko museoa da.
Museo honen bildumaren parte handiena Felix Alfaro Fournierren ahaleginei eta donazioei dagokio. Heraclio Fournierren biloba, lotura estuak izan zituen hiriko panorama museistikoarekin. Behin, Nazioarteko Karten Sozietatearen urteko konbentzioa ospatzen ari zela, Thierry Depaulis Pariseko Karta eta Taroten Elkartearen presidenteak hurrengoa esan zuen Alfarori buruz: “arteen gizona eta industriaren kapitaina, zigiluen, armaduren, karten eta hainbat gauzen bildumazalea, eruditua eta, gehienbat, kartoitxo koloredunen zalea amorratua”.
Guda Zibila ondoren, Felix Alfarok zenbait iragarpen egin zituen karta-sorta berezien bila. Salerosketez aparte, denbora pasa ahala kartagile gasteiztarrak hainbat industria xurgatu zituen. Hala nola, Tomás y Gabarró, Olea, Durá edota La Gaditana enpresak xurgatu eta haien karta-sortak bildumaren parte bihurtu ziren. Halere, erosketa garrantzitsuena Thomas De La Rue enpresa izan zen.
1984. urtean, Arabako Foru Aldundiak bilduma erosi zion Alfaro Fournier familiari, 3.000 karta-sorta zituela. Egun, Arabako Fournier Museoan 20.000 ale baino gehiago kontserbatzen dira.
Hurrengo asteotan izango ditugun jaiegunetan museo berezi hau eta bere katalogoa bisitatzera animatzen zaituztegu. Gainera, “Barcelona – Sevilla, 29 (Fournier 1929ko erakusketetan)” aldi-baterako erakusketa bisitatzeko aukera paregabea izan daiteke. 1929 eta 1930 bitartean izandako Sevillako Erakusketa Iberoamerikarra eta Bartzelonako Nazioarteko Erakusketei esker, enpresak hedapen zabalagoa izan zuen nazioartean. Bi egoitzetan, fabrikak bere produktuak erakutsi ahal izan zituen, baita inprimaketa prozesuen berrikuntza tekniko batzuk ere, kartei kolore gehiago emateko eta kalitate handiagoa lortzeko, adibidez.
Bibliografia:
Diputación Foral de Álava-Arabako Foru Aldundia. Palacio de Bendaña. https://fourniermuseoabibat.eus/es/museo/el-edificio.
Sáenz del Castillo, Aritza. 2021. Naiperas. Una memoria viva. Vitoria-Gasteiz.
Suárez Alba, Alberto. 1991. A Vitoria, barajas. Diputación Foral de Álava-Arabako Foru Aldundia. Vitoria-Gasteiz.