Kexaa, Aiaratarren etxea
Arabako hainbat altxorren artean, gaur Kexaako multzo monumentalaz hitz egingo dugu. Aiaraldeko barrualdean kokatuta eta Aiara leinuaren etxe ohia, Arabako 600 urte baino gehiago gordetzen dituen tokia da.
Fernan Perez Aiarakoa 1371. urtetik aurrera idatzitako manuskritoaren arabera, Aiara leinu garrantzitsuaren hastapenak XI. mendean aurkituko ditugu. Gaztela eta Leongo Erresuma eta Kantauri kostaldea lotzen zituzten merkataritza-bide desberdinen kontrolari esker, Aiara familiak egundoko boterea lortu zuen. Denbora pasa ahala eta dinamika desberdinak aurrera eramanda, egungo ia Araba osoa menderatu zuten Aiaratarrek. Adibidez, adostutako ezkontzekin Urkabustaizko lurraldeak eta Urduñako herriak bereganatu zituzten. Bestalde, dorretxeen eraikuntzarekin eta gortean izandako influentziarekin haien boterea baieztatu eta errotu zuten.
Kexaa leinu honen etxea izan zen hainbat mendez. Multzo monumentalean eraikuntza eta estilo artistiko desberdinak daude: jauregia, San Joan Bataiatzailearen eliza, Adatseko Andre Mariaren dorre-kapera eta moja domingotarren monasterio zaharra.
Jauregia Kexaako multzoko eraikinik zaharrena da eta oin-plano karratua eta bi dorre ditu. Aiara Kantzilerraren gurasoek -Fernan Perez Aiarakoa eta Elvira Álvarez de Ceballos- egindakoa, leinuaren gotorleku eta bizileku gisa erabili zen.
Bestalde, San Joanen eliza monasterioaren eta Kexaa herriko tenplu nagusia da. Patio arkupetuan sarrera dago, monasterioarekin eta Adatseko Andre Maria dorre-kaperarekin konektatzen dena. Bere kapera nagusia Kantzilerraren alabak, Maria Aiarakoak, eraiki zuen XVI. mendean.
Presbiterioan ikusten dugun erretaula barrokoa egon aurretik, San Joan Bataiatzailearen irudi gotikoa egon omen zen, baina orain tailua monasterioaren klaustroan dago. Erretaularen atzealdean eta goiko gangan, Maria Aiarakoak ordaindutako grisailaz egindako gruteskoak hautematen dira. Horretaz aparte, beste lau erretaula barroko desberdintzen ditugu: Arrosarioaren Ama Birjinarena, Santo Domingo de Guzmanena, San Joserena eta Santa Katalina Sienakoarena. Halere, San Migelen eta San Jorgeren erretaulak falta dira. Adituek jakin izan dutenez, mojek bi erretaulak saldu zituzten monasterioan hobekuntzak egiteko asmoarekin. Egun, San Migelen erretaula Brumatheko hilerrian dago eta San Jorgerena, ordea, 1953tik Washingtongo National Gallery of Art-en. Antzina erretaulak zeuden arkuetan Fernan Perez Aiarakoaren -Kantzilerraren semea- eta Maria de Sarmiento eta Castillaren -Fernanen emaztea eta Gasteizko Adatseko Andre Mariaren Ospitalearen sortzailea- hilobiak daude.
XVI. mende bukaeran, Aiarako Kantzilerrak Adatseko Andre Mariaren kapera eraikitzea agindu zuen. Ia 25 metroko dorre baten beheko pisuan, “Euriaren Kapera” izenordearekin ezagutzen zenaren esparrua egin zen. Izan ere, bertan errogatibak ospatzen ziren lehorte aldietan. Bertan, Aiaratar desberdinen hilobiak ditugu. Garrantzitsuena, dudarik gabe, Kantzilerraren eta Leonor de Guzmanen hilobi platereskoa da. Senar-emazteen alabastroko irudiak detailez josita daude. Adibidez, kantzilerra militar baten modura jantzita dago eta Leonor, ordea, jantzi eta bitxi ederrekin eta liburu batekin errepresentatu egin da. Oinarrian hamabi lehoien, aingeruen, santuen, monjeen, damen eta soldaduen irudiak desberdintzen dira. Nahiz eta bikotearen mausoleoa izan, bakarrik Kantzilerraren gorpuzkiak daude Kexaan; Leonor de Guzmanek Gasteizko San Frantzisko Komentuan lurperatu baitzen.
Mausoleoaren aldeetan, Kantzilerraren gurasoen eskulturak ditugu (Fernan Perez Aiarakoa eta Elvira Álvarez de Ceballos), erretaula gotiko baten kopia eta aldarearen frontala. Erretaula eta frontala 1913. urtean saldu ziren eta gaur egun Chicagoko Arte Institutuan daude. Kaperako artelanak Cristobal Gonzalez de Quesada Prado Museoko margolari-zaharberritzaileak 1959an egindako kopiak dira.
Oinaldean egurrezko koru altua dago, Dominiken gelekin konektatzen dena. Monasterioa 1378ko abenduaren 2an ireki zen, Fernan Perez Airakoaren eta Elvira Álvarez de Ceballosen agindua jarraituz. Kontenplaziozko mojak domingotarrak bertan bizi izan ziren 2008 urtera arte.
Bere balore historiko, artistiko eta kulturala dela eta, 2002. urtean Kexaako monumentu multzoa Kultura Ondasun gisa sailkatu egin zen. 2022. urtean, Arabako Foru Aldundiak Kexaa erosi zuen, zaharberritze, dokumentazio, inbentariatze, ikerketa eta dibulgazio lanak egiteko asmoarekin. Horregatik, azaroko eta abenduko larunbat, igande eta jaiegun guztietan doako bisita gidatuak antolatuko dira. Bisitan zehar, Adatseko Andre Maria dorre-kapera eta moja domingotarren areto batzuk ikusteko aukera egongo da. Erreserba egitea nahitaezkoa da 945 101 070 telefono zenbakira deituz edota reservas@kalearte.com helbide elektronikora idatziz.
Bibliografia:
Aspuru Oribe, Jabier (2019). La venta del retablo del convento de San Juan de Quejana. Aztarna. Revista de etnografía y difusión del Alto Nervión, 52 (Junio), 36-42.
Aspuru Oribe, Jabier (2023). Quejana y sus joyas artísticas. Aztarna. Revista de etnografía y difusión del Alto Nervión, 60(Julio), 34–39.
García Fernández, Ernesto (2023). Pedro López de Ayala, Canciller de Castilla. En Miradas desde el medievo. Mujeres y hombres de Álava (pp. 21–40). Sans Soleil Ediciones, Vitoria-Gasteiz.
El solar de Quejana. (s/f). Euskonews & Media. https://www.euskonews.eus/0388zbk/gaia38805es.html
Jiménez, José (1985). Quejana. Historia y Arte. Diputación Foral de Álava-Arabako Foru Aldundia.
López de Guereñu, Gerardo (1941-1960). Monasterio de Nuestra Señora de Quejana. https://photo.araba.eus/s/photoaraba/item/51448 [Signatura: ES.01059.ATHA.GUE.CD.03099]
Portilla Vitoria, Micaela; Iturrate Sáenz de Lafuente, José; González de Langarica Ruiz de Gauna, Alberto (1988). Catálogo monumental de la Diócesis de Vitoria. Las vertientes cantábricas del noroeste alavés. La ciudad de Orduña y sus alderas, VI. Vitoria-Gasteiz.
Portilla, Micaela (1988). Quejana. Solar de los Ayala. Diputación Foral de Álava-Arabako Foru Aldundia.